www.paquebote.com > Arrate Egaña Gimenez
Oroitzapen gogaikarri bat atzean uzteko beharra duen preso ohia. Aitaren hileta-elizkizuna fede-krisi betean dagoen apaizaren esku utzi nahi duen andre ateoa. Leihotik ikusten duen neskatxa batenganako obsesioak jotako atsoa. Ehiztariek utzitako hondakinak garbitzeko ardura hartu duen neska parea. Iktus bat izan ostean azkenekoa izan litekeen bidaia aspergarria abiatu duen emakumea. Irakasle ohi batekin topo egitean nerabezaroko maitasun-istorio bat berpizten zaion gaztea. Fikzio-adikzioak pasadizo ero batean murgildu duen emakumea. Ezusteko albiste ilun batek argira daramatzan hiru andre. Ipuinen protagonistek, harrapatuta dauzkaten egoera tragikomikoetatik abiatuta, aurre egin beharko diete obsesioari, ihes egiten dien denborari, heriotzari edota sakrifizioari. Arrotza zaiguna ulertzeko aukera emango digu Arrate Egañaren bilduma honek.
Magurain herrian etengabeko misterioak gertatzen dira: desagertzen diren umeak, Ontzi Gizon ikaragarria, parke zaharrean azaltzen diren arimak… Klarisa Lupabitx saiatu zen, aspaldian, kasua argitzen, baina alferrik. Bigarren aukera izango du orain, eta ez da ikerketan bakarrik egongo. Marko Ostenderrek eta K Taldeko lau gazteek lagunduko diote. Nolanahi ere, aski izango ote dira ordea ahalegin horiek guztiak hain misio zaila onik burutzeko? Abentura honetan muturreko egoerak azaltzen dira: intriga eta beldurra, lehia eta adiskidetasuna, ankerkeria eta ausardia, gorrotoa eta maitasuna… Kasu berri hau itzelezko erronka izango da detektibe ospetsuarentzat eta bere lagunentzat.